Erdialdeko Nafarroako mendebaldean kokatuta, Ebroko ibar emankorratik Andia eta Urbasako mendietaraino hedatzen da. Historiaz, arteaz eta kulturaz beteriko eskualdea da; honen froga, nonahi aurkitzen diren monasterio eta baseliza erromanikoak, Done Jakueren bidearen ondareak. Garestik Bianarako bidean zehar, Mañerun, Lizarran, Los Arcos en edo Torres del Rio n, mendetan hemendik igaro diren kulturen aztarnak nabarmenak dira.
Done Jakue bideko inguruko lurrak hagitz emankorrak dira; lehen kalitateko produktuak ematen dituzte, ospe handia lortu dutelarik. Besteak beste, Arronitzko olioa edo nafar eta errioxar jatorrizko deiturako ardoak, gure herrialdeko onenetarikoak. Nekazaritzako elikagaien sektoreak garrantzi handia du eskualdean, hegoaldean batez ere, eta honen adierazgarri nagusiak Lizarraldeko Babarrunak, Pikillo Piperrak eta Nafarroako Zainzuriak dira. Eskualdeko iparraldean, bestalde, Idiazabal jatorrizko deiturako gazta bikaina ekoizten da.